Reforamurrio Enpresaldea enpresen haztegira eta zentrora sartzeko deialdi berria

Reforamurrio Enpresaldea enpresen haztegi eta zentroko modulu edo bulegoetan eta coworkingeko gune berrian errentamendu-araubidean sartu nahi dutenentzat, eskaerak aurkezteko epea irekita egongo da abenduaren 1etik 28ra.

Enpresen haztegi eta zentroan, lokalak zerbitzuen sektoreko (“Bulegoak”) jarduerak egiten dituzten edo egingo dituzten enpresentzat edo pertsona ekintzaileentzat dira.

Modulu edo bulego bakoitza alokatzeko prezioaren barnean sartzen dira lokal bakoitza erabiltzean sortutako gastuak: elektrizitatea, ADSL, berokuntza-sistema, garbiketa eta abar. Prezio horretan sartuko dira, halaber, partekatutako zerbitzu batzuk, hala nola harrera-lekua, office-a, postontzi pribatua, lokalen mantentze-lanak, segurtasun-sistema eta bilera-gelak.

Jarduera hasi behar duten edo jarduera hasi zutenetik hiru urte baino gutxiago daramaten enpresek edo pertsona ekintzaileek eskaera aurkeztean prezio hobaridunak izango dituzte kontsolidatutako enpresen aldean.

Gainera, hobari gehigarriak ezarriko zaizkie enplegua sortzen duten enpresei, sortutako lanpostuen arabera (% 20tik % 37ra), bai eta egiten duten jarduera dela-eta berritzailetzat jotzen direnei ere (% 10etik % 25era). Bi hobari-portzentajeak bateragarriak izango dira, betiere % 50 gainditzen ez badute.

Orain bertan, zortzi enpresa daude instalazioetan, eta lau modulu daude libre (31,56 m2 eta 34,66 m2 artekoak)

Coworking gunea

34,66 metro karratuko bulego partekatu bat da, eta Reforamurrio Enpresaldeko lehen solairuan dago. Lokalak lau lanpostu, bilera-mahaia eta bulegoko altzari espezifikoak ditu, bai eta Interneterako konexioa ere, eta erabiltzaileek zentroko gainerako instalazioak ere erabili ahal izango dituzte, bestak beste bilera-gelak, harrera-lekua eta office-a.

Gunea lan egiteko eremu mugatu bat behar duten eta bulegoa partekatzeko arazorik ez duten pertsonentzat edo enpresentzat dago pentsatuta, betiere diseinuarekin, IKTekin, industriari lotutako zerbitzuekin eta halakoekin lotutako jarduera bat gauzatzen badute edo gauzatuko badute. Gunera sartzeko 25,96 euro gehi BEZa ordaindu behar dira hilean.

Interesa duten pertsona eta enpresa guztiek Amurrio Bideanen (El Refor Kalea z/g) eskura dezakete informazioa, 945 891721 telefonora deituta edo administracion@amurriobidean.org helbidera idatzita.

www.amurriobidean.org