AMURRIOKO UDALAK OSTALARITZA SEKTOREAREN ZERBITZURA JARRIKO DU KOMUNITATE-BITARTEKARITZA ZERBITZUA

Helburua, behar duten ostalaritzako establezimenduek merkataritzako lokalen alokairuaren ordainketari buruzko akordioak lortzea da.

Aurretiazko hitzordua eskatu beharko da astelehenetan eta asteazkenetan, 8:30etik 14:00etara.

Amurrioko Udalak ostalaritza sektorearen esku jarri du beste arlo batzuetan martxan dagoen komunitate-bitartekaritza zerbitzua. Zerbitzu hori martxan jartzearen helburua, behar duten ostalaritzako establezimenduek merkataritzako lokalen alokairuaren ordainketari buruzko akordioak lortzea da. Horrela, beharrezkoa izanez gero, bi aldeek (errentatzaileak eta errentariak) adiskidetasunezko akordioak lortzea erraztu nahi da.

Zerbitzua banaka emango da, eta interesa dutenek 654176548 telefono zenbakira deitu ahal izango dute astelehenetan eta asteazkenetan, 8:30etik 14:00etara, Aitziber Hormaza bitartekariarekin hitzordua hartzeko.

Laguntzat ETEentzat eta autonomoentzat

Bestalde, irailean eskatu ziren enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako laguntzak datozen egunetan ordainduko dira. Guztira, 220 laguntza eman dira, eta ‘Amurrion bizi’ programaren barruan 86.600 euroko partida ekonomikoa bideratu da osasun-krisiak eragindako ondorio negatiboak arintzeko eta tokiko ekonomia suspertzeko.

Terrazen tasaren kobrantza etetea

Amurrioko Udalak aurreikusitako beste neurri bat, osoko bilkuran onartu beharrekoa, terrazei dagokien tasaren kobrantza etetea da, harik eta mahaitxoen eta terrazen ordenantza berria prest egon arte. Une honetan ordenantza hori prestatzeko lanak egiten ari dira, covid-19ak sortutako egoera berrira egokitzeko. Neurri hori osoko bilkuran berretsi beharko da.

Amurrioko 26 dendak bat egin dute Euskadi Bono Denda kanpainarekin

Amurrioko saltokiek dagoeneko eskaintzen dituzte Bono Denda deskontuak bezeroentzat; guztira, udalerriko 26 saltokik egin dute bat kanpainarekin. Deskontua 10 eurokoa da, baina 30 euro erosketako egin beharko da gutxienez. 4 bonu kontsumitu ahal izango ditu pertsona bakoitzak gehinez; beraz, deskontu handiena 40 eurokoa izango da.

Kanpaina honetan, merkataria da bonua zuzenean aplikatzen duena; hau da, atxikitako establezimenduetan erosten duzunean, Bono Dendaren deskontua eskatu beharko duzu, eta saltokiak zuzenean izapidetuko du. Deskontua berehalakoa izango da, eta kontsumitzailea bere datuekin soilik identifikatu beharko da.

Kontsultatu Amurrion atxikitako saltokien zerrenda esteka honetan:

https://euskadibonodenda.eus/es/establecimientos

 

AZAROAREN 17tik 26ra LAU ONLINE IKASTARO EMANGO DIRA, ESKUALDEKO EKINTZAILEEI ETA ENPRESA TXIKIEI ZUZENDUTAKOAK

VITAL Fundazioak, Aiarako Kuadrillaren bidez, diruz laguntzen ditu ikastaro horiek, enpresa-proiektu berriak abian jartzea eta duela gutxi sortutako enpresak finkatzea errazteko helburuarekin.

 Ikusirik ekintzaileen artean harrera ona izan dutela prestakuntza “bizkor” horren aurreko edizioek, eta gero eta eskari handiagoa dagoela, eskualdeko udalek beste lau ikastaro antolatu dituzte elkarrekin, “ekintzailetza-pilulak” direlako formulan oinarrituta.

COVID-19ak sortutako egoera aintzat hartuta, erabaki da ikastaroak online emango direla.

Ikastaroek lau orduko iraupena izango dute eta helburu nagusia da oinarrizko ezagutzak eskaintzea enpresa-ekimen berri bat abiaraztean edo negozio edo enpresa txiki bat kudeatzean zailtasun gehien ekartzen dituzten enpresa-kudeaketako arloetan (komertzialak, finantzarioak, fiskalak, etab.).

Saioetako bakoitzean, tartetxo bat egongo da bertaratutakoek zalantzak argitzeko edo giro lasaian bere esperientziei buruz hitz egiteko. Aurretiaz egindako ikastaroetan ikusi dugunaren arabera, ekarpen horiek prestakuntzaren emaitza asko hobetzen dute.

Informazio gehiagorako eta ikastaro guztietan edo horietako batean izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bidean elkartearekin 945891721 telefonoaren bidez edo autoempleo@amurriobidean.org helbide elektronikoaren bidez.

TALLERES EMPRENDIZAJE.EUS

 

AIARAKO KUADRILLAKO ENPRESA ETA NEGOZIO TXIKIEI ZUZENDUTAKO ARGAZKILARITZA-IKASTAROA: SARE SOZIALETARAKO ETA E-COMMERCERAKO PRODUKTUAREN ARGAZKIAK EGITEA SMARTPHONEAREKIN

Azaroaren 10 eta 12an egingo da, 14:30etik 16:30era, ReforAmurrio Enpresaldean.

Gaur egun, marketin digitala tresna gakoa da enpresa eta negozio txikiak zuzenean beren bezeroekin harremanetan jartzeko. Marketin digitala, sare sozialak zein e-commerce delakoa gakoak dira gaur egun bezeroa izan daitekeen edozeinen atentzioa erakartzeko eta salmentak egi bihurtzeko. Egoera honetan, ezinbestekoa da eduki dinamikoak, erakargarriak, eta, batez ere, bisualak, sortzea.

“Irudi batek mila hitz baino gehiago balio du” esaldia dogma bat da arloko profesionalentzat. Hori dela eta, ikastaro honen helburua da bertaratutakoei oinarrizko jakintza eta tresnak ematea, kalitatezko eduki bisualak sortzen ikasteko edo horien sorkuntzan hobetzeko, xede duten publikoarekin konektatzeko, horri emozioak eragiteko eta, azken finean, erostera bultzatzeko. Negozio bakoitzarentzako eduki-estrategia bat landuko da, zer, nola eta zergatik argitaratuko den aintzat hartuta. Halaber, argazkiak egin eta irudiak editatu, esportatu eta abar egiteko doako aplikazio sinple bat erabiltzen irakatsiko dugu, eta kolorearen, argiaren doikuntzen eta beste elementu askoren garrantzia azpimarratuko dugu. Horrenbestez, bertaratutako pertsonek smartphonea eraman beharko dute ikasitakoa ariketa zehatzen bidez praktikara eramateko.

Aintzat hartuta COVID-19a dela-eta ezarritako protokoloa, 8 leku egongo dira bakarrik.

Ikastaroa Vital Fundazioak lagundu du diruz, Aiarako Kuadrillaren bidez.

Informazio gehiagorako edo izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bidean elkartearekin 945891721 telefonoaren bidez edo autoempleo@amurriobidean.org helbide elektronikoaren bidez.

Argazkilaritza_Tailerra_Smarphonearekin

 

 

AMURRIOK MIKOTURISMO EGUNEN XVII. EDIZIOA OSPATUKO DU URRIAREN 17TIK AZAROAREN 1ERA

Ostalaritzako 9 establezimenduk hartuko dute parte larunbat honetan, urriaren 17an, hasiko den eta hiru asteburu luzatuko den perretxikoekin egindako pintxoen XV. Lehiaketan; Abiaga eta Bideko jatetxeek garaiko perretxikoekin egindako menu gastronomikoak eskainiko dituzte.

Urriaren 31n perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldia egingo da Arriola Elkarte Mikologikoaren eskutik. Hurrengo egunean erakusketa bisitatu ahal izango da udal pilotalekuan.

 

Perretxikoak biltzeko garai egokiena heldu den honetan, Amurrioko udalak, Mikoturismo Egunak jarduera antolatu du beste urte batez. Hiru asteburutan perretxikoak izango dira protagonista nagusiak XV. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten ostalaritzako 9 establezimenduetan. Horrez gain, perretxikoen sailkapenerako eta erakusketarako jardunaldiak egingo dira udal pilotalekuan. Jarduera biak, Covid-19aren hedapenari eusteko hartu diren higiene eta osasun neurriak betez egingo dira.

Pintxo lehiaketa

Perretxikoekin egindako pintxoen XV. Lehiaketan ostalaritzako 9 establezimendu hauek hartuko dute parte: Alanbike, Albizabal, Atxubi, Batzokia, El Crucero, El Rinconcito, Guk, Frontón Taberna eta Txoko Gorri. Lehiaketak bi sari banatuko ditu, epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena, 200 euro eta plaka bat jasoko dituena eta, herritarren bozketaren bitartez aukeratutako pintxorik onena, 150 euro eta plaka bat jasoko dituena.

Herritarren aukeraketan parte hartu ahal izateko gutxienez 8 pintxo dastatu beharko dira. Boto-paperak azaroaren 2ra arte sartu ahal izango dira Kultur Etxean eta Udaletxean egongo diren hautestontzietan, eta azaroaren 1ean udal pilotalekuan. Horrez gain, bozketan parte hartzen dutenen artean 275 euroko bi sari zozketatuko dira.

Gastronomia esparruan, pintxo dastaketez gain, Abiaga eta Bideko jatetxeek denboraldiko perretxikoekin egindako bi menu eskainiko dituzte.

Perretxikoen sailkapena eta erakusketa

XVII. Mikoturismo Egunak ekimenaren barruan egongo den perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldia urriaren 31n izango da udal pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Alberto Villanueva mikologoa, Arriola Elkarte Mikologikoaren kolaboratzailea, perretxikoen sailkapena egiten arituko da bi orduz. Jarduera horretan interesatuta dagoen edozein pertsonak hartu ahal izango du parte, ikusle gisa, zalantzak kontsultatuz, edo bildutako espezieak sailkatzeko eramanez.

Perretxiko erakusketa azaroaren 1ean izango da, udal pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara.

Jarduera seguruak

Jarduera horiek gauzatu ahal izateko, Amurrioko Udalak jarduerak modu seguruan gauzatzeko beharrezkoak diren higiene eta osasun neurri guztiak beteko ditu. Udal pilotalekuko edukiera mugatuta egongo da, eta barruko ibilbidea seinaleztatuta egongo da, pertsonak gurutzatu ez daitezen. Gainera, 6 urtetik gorakoek muturrekoa eraman beharko dute, eta segurtasun distantzia gorde beharko da.

EUSKADIK MERKATARITZA-ETA TURIMO-SEKTOREAN KONTSUMOA SUSTATZEKO KANPAINA JARRI DU ABIAN, “EUSKADI TURISMO BONUA” ETA “EUSKADI BONO DENDA” DESKONTU-BONUEN BIDEZ

Programari atxikitzeko interesa duten merkataritza, ostalaritza, ostatu eta interes turistikoko jardueretako establezimendu edo negozioek (gida turistikoak, turismo aktiboko enpresak, etab.) urriaren 27ra arte bete ahal izango dute eskaera, dagozkien webguneetan: www.euskadibonodenda.eus  (merkataritza) eta www.euskaditurismobono.eus  (turismoa).

Bonu horien onuradunak Euskadin bizi diren edo turismo-bonuen kasuan beste leku batzuetatik bisitatzen gaituzten 18 urtetik gorako pertsona fisikoak dira. Bonuak urriaren 28tik abenduaren 31ra arte egongo dira eskuragarri kontsumitzaileentzat. Programari atxikitako establezimenduek edo negozioek kudeatuko dituzte deskontu-bonuak webgunearen bidez, bai produktuan bai zerbitzuan gastua egiten den unean.

BONO DENDA

Merkataritzako bonuen kasuan, 10 €-ko deskontua aplikatuko da gutxieneko erosketetarako: 30 €. Kontsumitzaileek gehienez 4 bonu jaso ahal izango dituzte, gehienez 40 euroko deskontuarekin guztira.

TURISMO BONUA

Turismo-bonoetan hiru modalitate daude. Lehenengo biak tabernetara, jatetxeetara eta interes turistikoko jardueretara zuzentzen dira, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren.
Hirugarren modalitatean, 20 €-ko deskontua egingo da programari atxikitako turismo-ostatuetan egindako 60 €-ko gutxieneko erosketetarako.
Establezimendu bakoitzeko bi bonu erosi ahal izango dira, gehienez ere 40 euroko deskontua pertsona bakoitzeko.

AMURRIOKO UDALAK COACHING GASTRONOMIKO BAT ANTOLATU DU AINGERU ETXEBARRIA SUKALDARIAREKIN, OSTALARITZAKO ESTABLEZIMENDUEI ZUZENDUTA

Ekimenak 30 orduko tailer gastronomikoa eta parte hartzen duten establezimenduentzako 5 orduko aholkularitza pertsonalizatua biltzen ditu.

Beharrezkoa da urriaren 10a baino lehen izena ematea 945891721 telefono zenbakira deituz edo turismo@amurriobidean.org helbidera idatziz. Dauden 8 plazak izena emateko ordenaren arabera esleituko dira.

Amurrioko Udalak, ostalaritza sektoreari zuzendutako coaching gastronomiko bat antolatu du Aingeru Etxebarria sukaldari eta Bilboko Sukaldaritza Eskolako zuzendariarekin. Ekimenak tailer gastronomikoa eta parte hartzen duten establezimenduentzako aholkularitza pertsonalizatua biltzen ditu.

Karta berriztatzea, produktu berriak sartzea, denboraldikoak edo 0 kilometrokoak, pintxo, anoa edo plater berriak prestatzeko, hori guztia landuko da Aingeru Etxebarria sukaldariak El Refor jatetxean emango duen coaching gastronomikoan. pParte hartuko duten ostalaritzako establezimenduek 30 orduko prestakuntza jasoko dute eta, horrez gain, bakoitzari zuzendutako aholkularitza pertsonalizatuko 5 ordu.

Tailer gastronomikoa 10 saiotan egingo da, urriaren 19, 21, 26 eta 28an eta azaroaren 2, 4, 9, 11, 16 eta 18an, 16:30etik 19:30era. Parte hartzen duen establezimendu bakoitzari zuzendutako aholkularitza pertsonalizatua, bakoitzari ondoen datorkion ordutegian egingo da.

Parte hartzeko beharrezkoa izango da urriaren 10a baino lehen izena ematea, plaza mugatuak baitira. Dauden 8 plazak izena emateko ordenaren arabera esleituko dira. Izena emateko 945891721 telefono zenbakira deitu edo turismo@amurriobidean.org helbidera idatzi beharko da.

AMURRIOK ‘AIARALDEA DENDATIK ETXERA’ EKIMENA JARRI DU MARTXAN AIARAKO KUADRILAREKIN BATERA

Guztira 8 establezimenduk hartuko dute parte, eta bakoitzak ezarriko ditu eskariak egiteko prozedura eta ordaintzeko modua.

Esperientzia pilotu horretan parte hartu nahi duten amurrioarrek formularioa bete eta parte hartzen duten saltokietan entregatu beharko dute; online ere bete ahal izango da.

Amurrioko Udalak, Aiarako Kuadrilarekin eta Laudioko Udalarekin batera,  ‘Aiaraldea dendatik etxera’ ekimena diseinatu du. Kanpaina horren helburua udalerriko saltokietako kontsumoa bultzatzea da. Horregatik, esperientzia pilotu honen bitartez, egindako eskariak etxera eramango dira.

Amurrion 8 dira ekimenarekin bat egin duten saltokiak: Maritierra, Selene frutadenda, Industrias cárnicas Burutxaga, Boga Boga arrandegia, Alberto Otegui arrandegia, Goxe Berri, San José S.C. harategia, eta Álava harategia. Negozio bakoitzak ezarriko ditu eskariak egiteko prozedura eta ordaintzeko modua. Zerbitzua erabili ahal izateko, establezimendu bakoitzean egindako gutxieneko erosketa 10 eurokoa izango da.

Herritarrentzat kosturik izango ez duten banaketak asteazkenetan eta ostiraletan egingo dira, 15:00etatik 17:00etara. Ordu tarte horren barruan, eskaria zein unetan jaso nahi den aukeratu ahal izango da. Esperientzia pilotu horretan parte hartzeko interesa duten herritarrek formularioa bete beharko dute parte hartzen duten establezimenduetan, edo webgune honen bitartez: https://sites.google.com/view/dendatiketxera

 

Lana bilatzeko Hazilan programaren bosgarren edizioa irailaren 28an jarriko da martxan

Hazilanen, lan merkatuan sartzeko edo nahi den lanpostua aurkitzen laguntzeko helburua duen programaren, bosgarren edizioa datorren irailaren 28an aurkeztuko da. Dagoeneko hitzordua eskatu daiteke Amurrio Bideanen informazio gehiago jasotzeko, 945891721 telefono-zenbakian edo empresa@amurriobidean.org   helbidearen bitartez.

Aurten egoera ekonomikoaren eta lan merkatuaren errealitatea aldatu egin da. Pertsona gehiago daude lan bila, eta lan eskaintza murriztu egin da. Hori guztia kontuan izanda, are beharrezkoagoa da programa gauzatzea, izan ere, goi mailako prestakuntza zikloko edo unibertsitate mailako ikasketak dituzten 20 eta 44 urte arteko pertsonei laguntzen die, lana gogoetan oinarrituta bilatzen, hazkunde pertsonalera bideratuta, eta baita pertsonaren indarguneak eta lan munduak dituen beharrak aztertzen ere.

Talde-coaching-a eta banakako mentorizazioa

Hazilan Talde-coaching eta banakako mentorizazio bitartez gauzatzen da. Partaideak auto-ezagutza prozesutik hasiko dira, zeharkako trebezia sozio-profesionalak  indartzeko eta lan merkatuan balorean jartzen lagunduko dien ekintza plana diseinatzeko. Aldi berean, prestakuntza osagarria jasoko dute, ingurune profesionalean aplikatutako tresna digitaletan (komunikazio digitala, artxibo dokumentala, dokumentu grafiko erakargarriak) eta marka pertsonalean.

Prestakuntzaren ondoren 2 eta 4 hilabete arteko praktikak egin ahal izango dituzte, edo negozioaren bideragarritasunerako proiektuaren tutoretza jaso dezakete. Amurrion erroldatutakoek Amurrioko Udalaren prestakuntzarako beka eskatu ahal izango dute, hilean 600 eta 800 € artekoa, lan merkatura sartzeko fase honetan laguntza ekonomikoa jasotzeko.

Hazilan programaren %50 Europako Gizarte Funtsak finanatzatzen du, eta 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboaren barruan dago.

Ireki da enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei zuzendutako laguntza zuzenak eskatzeko epea

Amurrioko Udalak, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako 100.000 euroko partida ekonomikoa prestatu du, osasun krisiak eragindako ondorio negatiboak arintzeko eta herriko ekonomia suspertzeko. Laguntza zuzenen sorta hori, ekainaren erdialdean aurkeztutako ‘Amurrion bizi’ programaren barruan dago. Programa horren helburua, hainbat neurri hartuta, suspertze ekonomikoaren bitartez, Amurrio indartzea da.

Eskabideak gaurtik irailaren 30era aurkeztu ahal izango dira, Udaletxeko beheko solairuan dagoen Herritarren Arretarako Zerbitzuan. Interesatuta daudenek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

  • Eskabide inprimakia eta zinpeko adierazpena.
  • Eskatzailearen Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren identifikazio zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia, pertsona fisikoen kasuan. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, estatutuen eta identifikazio fiskaleko zenbakiaren kopia. Pertsona juridikoen kasuan, identifikazio fiskaleko zenbakia eta enpresaren eratze-eskriturak.
  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alten eta bajen ziurtagiria.
  • Altan dauden langileei buruzko txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoa, langile kopurua egiaztatzeko.
  • Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua.
  • Foru Ogasunarekin ordainketak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua.
  • Hirugarren pertsonen alta, behar bezala zigilatuta eta sinatuta, eta finantza-erakundeak osatuta.

Zuzeneko laguntza-lerro hori, udalerrian jarduera ekonomiko bat gauzatzen ari diren edo ari ziren eta Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz diru-sarrerak murriztuta ikusi dituzten enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzera dago bideratuta. Gauzatutako enpresa-jardueraren arabera, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 euro eta 500 euro artekoa izango da.

Baldintza hauek betetzen dituztenek jaso ahal izango dituzte laguntzak:

  • Amurrioko udalerrian jarduera ekonomiko bat gauzatzea, gaur egun edo alarma-egoera adierazi zen unean, eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea (edo 2020ko martxoaren 14an hala egotea), epigrafe hauetakoren batean:

– 1. sekzioa (enpresa jardueretarako JEZeko epigrafeak): 4. atala (Beste manufaktura-industria batzuk), 5. atala (Eraikuntza), 6. atala (Merkataritza, jatetxeak eta ospitaleak, konponketak), 7. atala (Garraioa eta komunikazioak), 8. atala (Finantza erakundeak, aseguruak, enpresei emandako zerbitzuak eta alokairuak) eta 9. atala (Beste zerbitzu batzuk).

– 2. sekzioa (Jarduera profesionaletarako JEZeko epigrafeak)

– 3. sekzioa (Jarduera artistikoetarako JEZeko epigrafeak).

  • Pertsona fisikoen kasuan, udalerrian erroldatuta egotea edo jarduera ekonomikoari lotutako establezimenduren bat izatea. Pertsona juridikoen kasuan, haien egoitza sozialak Amurrion egon beharko du.
  • Lantaldea ez da 5 langiletik gorakoa izango, jardueraren titularra barne.
  • Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duten enpresen ehuneko 25etik gorako lotura edo partaidetza ez izatea.
  • Zerga-arloko eskakizunak dituzten herri-administrazioekiko betebeharrak egunean izatea, eta baita Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere.
  • Amurrioko Udalarekin edo haren mendeko ezein erakunderekin inolako kontraturik indarrean ez izatea.

1sep_20-I-Eranskina-solicitud

1sep_20-AltadeTerceros-1-1

2020_098_02413_E